Toki komunikabideen lana aldarrikatzen

Toki komunikabideak oinarrizkoak dira komunitate baten komunikazio sisteman. Gertuko errealitatea aztertu eta inguru hurbilean gertatzen ari denaren berri ematen dute, arazo globalek eguneroko bizitzan duten eragina islatuz.

Baina, gainera, gertuko komunitatearen komunikazio tresna eta bozgorailu gisa ere funtzionatzen dute, eta publikoaren parte hartze zuzena sustatzen dute, bestelako komunikabideek amestu ere ezin dezaketen moduetan.

Toki komunikabideetako profesionalek ahalegin handia egiten dute egunero-egunero gertuko gaiak duintasunez lantzeko. Lan horren emaitzak bikainak badira ere, sarritan erabat ezezagunak dira komunikabide bakoitzaren esparru geografiko mugatutik kanpo.

Egoera hori aldatu eta toki komunikabideetan egiten den lan aparta aldarrikatu eta ezagutarazteko asmoz, TOKIKOMek TOKIKOM Sariak ematen ditu urtero, toki komunikabideetako lanik onenak gizarteratzeko.

TOKIKOM Sariak 1Martxan dugu TOKIKOM Sarien 2025eko edizioa! Sari banaketa Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako campusean egingo dugu, azaroaren 21ean, eta adimen artifizialaren aukerak eta erronkak aletzeko ere baliatuko dugu. Etorri nahi?