Zer ikusten duzu? Youtube.
Zer entzuten duzu? Spotify.
Non informatzen zara? TikTok-en.
Norekin egiten duzu terapia? ChatGPT-rekin.
…
Plataforma ezberdinak agertu zirenean, guztia eskura izateko aukera nabarmentzen zen. Dena duzu toki berean, zuk nahi duzuna, zuk nahi duzunean. Zuk erabakitzen duzu.
Baina… nork nahi du erabaki? Ze pereza… Gero eta gehiago kostatzen zaigu erabakiak hartzea, are gehiago gugatik hartzeko prest dagoen tresnak daudenean. Tresna lagunkoi eta kaltegabekoak, gainera. Sartzen naiz eta berak hartzen ditu erabakiak nigatik, egunetik egunera gero eta hobeto ezagutzen nau. Nik play eman eta nire gustuko menua prestatzen dit. Ez dut nik bilatu behar, edukia bera dator nigana.
Horretara ohitu gaituzte, zepoan kateatuta gaude, eta atzera egiteak bizi ohiturak aldatzea dakar, eguneroko keinu erosoei uko egitea. Eta ohartzerako, musika egiteko ez dute musikaririk behar, katutxoen bideoak egiteko ez dute katutxorik behar eta desinformatzea debalde ateratzen da. Guk jarraituko dugu scrolleatzen, datorren guztia irensten, makinak ez baitu amaierarik, ez da guretzat erabakitzeaz nekatzen.
Eta ez ote den ari bera erabakitzen zer gustatu behar zaigun, jendarte oso bati zer gustatu behar zaion, zer ikusi, zer entzun, zer pentsatu, zer maitatu eta zer gorrotatu.
Munduaren amaiera? Ez nuke esango, historian zehar beti egon dira krisiak, baina bada zurrunbilo honetan burua altxatu eta egoera birplanteatzeko garaia. Video killed the radio star abesten zuten, eta begira podkasten loraldia. Irabazi ala ikasi. Berritu edo hil. Eguneratu, bai, baina zuk erabaki zer irentsi.